Inperialismoa, gerra eta iraultza 1 (teoria eta ariketa) osatu



Yüklə 167,99 Kb.
tarix28.06.2018
ölçüsü167,99 Kb.
#52092


INPERIALISMOA, GERRA ETA IRAULTZA-1.1

(TEORIA eta ARIKETA)

OSATU: Liberiak, eskubide politikoak, Nikolas II.ak, Entente Hirukoitza, Erresuma Batuak, Kerensky, kafe, Lenin, Alemania, Sarajevora, “Igande Odoltsu”, industrializazioaren, Bigarren Mundu Gerra, Lituaniak, Sarre, Verdungo, Ozeano Barerainoko, misiolaritzak, esklaboen, Versaillesko.

  1. POTENTZIA HANDIAK XIX. MENDEAREN BIGARREN ERDIAN



  • Sistema politikoak Europan XIX. mendean. XIX. mendeko bigarren erdiko Europako potentzia nagusiak sistema politiko desberdinak zituzten. Herrialde batzuek sistema politiko autoritarioak zituzten, hala nola Alemaniako Inperioak, Austria-Hungariako Inperioak, eta batez ere, Errusiar Inperioak, autokrazia baitzuten. Beste herrialde batzuek, berriz, erregimen liberalak zituzten; adibidez, …ERRESUMA BATUAK………….eta Frantziak.



  • Errusiako gobernua eta gizartea. Errusiako gobernua autokratikoa zen, eta tsarra botere guztien jabe zen (legeak egiten zituen, gobernuko kideak aukeratzen zituen, armada zuzentzen zuen…), eta, gainera, erlijio-autoritate gorena zen. Haren botereak ez zuen inongo mugarik eta hari kontra egiteko edozein saiakera gogor zigortzen zen. Nobleziak armadako eta administrazioko goi-karguak betetzen zituen, lursail handien jabe zen eta jopu ugari zituen. 1861ean, Alejandro II.a tsarrak jopuen emantzipazioa, hau da, askatasun pertsonala, onartu bazuen ere, haien egoera ekonomikoa ez zen hobetu. Horrez gain, Errusiar Inperioan etnia-aniztasun handia zegoen (errusiarrak, ukrainiarrak, armeniarrak, turkiarrak...), eta tsarrek herri horiei ezarri zien politika, errusiar kultura inposatzea izan zen.



  • Bi herrialde ari ziren mundu mailako potentzia berri bilakatzen: Japonia eta batik bat Estatu Batuak. Estatu Batuetan bi gertaera nabarmendu ziren garai honetan: Estatu Batuen lurralde-hedapena, Ozeano Bareko kostaldera, eta Sezesio Gerra. XIX. mendearen lehen erdian, Estatu Batuetan lurralde-hedapen handia egon zen, eta horren eraginez, herrialdeak Ozeano Atlantikotik …OZEANO BARERAINOKO…………….hedadura hartu zuen. Lurralde berriak biztanle zuriek kolonizatu zituzten (“Mendebaldearen konkista” izenez ezaguna), lur haietan bizi ziren indiar tribuen aurka eginda. Bizirik iraun zuten indiar apurrak erreserbetan sartu zituzten. Sezesio Gerran (1861-1865), berriz, iparraldeko estatuak eta hegoaldeko estatuak elkarren aurka aritu ziren. Hegoaldeko estatuak esklabutzaren aldekoak ziren; izan ere, esklaboak ziren haien nekazaritza-ustiategietako eskulanaz arduratzen zirenak. Iparraldekoek, aldiz, esklabotza indargabetua zuten. 1860an, Abraham Lincoln presidente aukeratu zuten, esklabotzaren aurkako jarrera tinkoa zuena, eta orduan, Hegoaldeko hamaika estatu banandu egin ziren, eta Konfederazio bat eratu zuten. Kongresuak auzi-iheslaritzat jo zituen, eta horrela hasi zen gerra. Gatazka iparraldeko estatuen garaipenarekin amaitu zen, eta esklabotza indargabetu egin zen.

  1. INPERIALISMOAREN FAKTOREAK



  • Kontzeptua: Inperialismo terminoak herrialde baten nagusitasuna beste herrialde batzuetara hedatzea inplikatzen du: konkistatzen duen herrialdea metropolia da, eta konkistatutako herrialdeak koloniak dira. Hori ez zen fenomeno berria, baina XIX. mendean bestelako zabalkundea izan zuen, hein handi batean, …INDUSTRIALIZAZIOAREN………..ondorioa izan zelako (1800. urtean planetako lurren %35 Europaren eta Estatu Batuen menpe zeuden; 1914an proportzioa % 84koa zen).

  • Faktore ekonomikoak. XIX. mendeko inperialismoa industrializazioaren ondorioa izan zen, neurri batean. Garai hartan, Europako herrialdeek beren kapitalak metropolian baino interes altuagoekin inbertitzeko eremuak behar zituzten, bai eta lehengai merkeak eskuratzeko eta industriako produktuak saltzeko tokiak ere (merkatuak).

  • Faktore demografikoak. Lurralde horietan (kolonietan) Europan haziz zihoan biztanleriaren zati bat bizi zitekeen, jatorriko herrialdeetan lan-aukera gutxi baitzuen. Industria Iraultzak, gainera, lekualdatze horiek erraztu zituen, garraiobide azkar eta eraginkorragoak sortu baitziren.

  • Faktore sozialak. Metropoliko arazo larriak saihesteko irtenbidea zen, hala nola langabezia eta gizarte-gatazkak, izan ere arazo horiek batzuen ustez gerra zibil bat piztera irits zitezkeen.

  • Faktore erlijiosoak. Inperialismoa erlijio primitiboak zituzten herriak kristautzeko nahiarekin ere justifikatu zen kasu askotan. Eliza katolikoaren eta protestantearen …MISIOLARITZAK……….garrantzi handia izan zuen (ebanjelizatzea). Ehunka misio sortu ziren Asian, Afrikan eta Ozeanian.

  • Faktore politikoak. Hedapen inperialistak potentzia handien eskakizun estrategikoen arabera ere egin ziren; esaterako, Erresuma Batua itsasbide nagusietan zeuden guneetan nagusitzen saiatu zen, eta Errusiak izotzik gabeko itsasoetara ateratzeko bideak bilatu zituen. Beste kasu batzuetan, potentziek nazioarteko prestigioa handitzea nahi zuten, jendarteak gainerako herrialdeen aurrean izandako porrotak eta umilazioak ahatz zitzan eta nazio-sentimendua finka zedin. Gainera, behin kolonizazio-prozesua hasita, potentzia handi guztiek parte hartu nahi izan zuten, izan beste potentzien boterea handituko zen beldurrez, izan kolonietan lor zitezkeen abantailak eskuratu gabe ez geratzeko.

  • Faktore ideologikoak. Mendebaldean, ideologia arrazistek indar handia zuten XIX. mendean. Mendebaldarrak konbentzituta zeuden arraza zuria gainerakoak baino hobea zela eta horrek eskubidea ematen ziela beste herri batzuetan nagusitzeko, atzeratuak edo beheragokoak iruditzen zitzaizkielako. Hori dela eta, herri horiek zibilizatzeko betebeharra zutela uste zuten.

  • Faktore zientifikoak. Zientziarekiko jakin-minak ere konkistak egitea bultzatu zuen. Erresuma Batuan, Frantzian, Estatu Batuetan eta Alemanian geografia-elkarteak sortu ziren, eta espedizio edo esplorazio zientifikoak egin zituzten planeta osoan barna (Afrikan esploratzaile hauek nabarmendu ziren: Livingstone, Stanley eta Brazza). Adibidez, Afrika barnealdea oso ezezaguna zen europarrentzat. Kontuan izan, gainera, lurralde bat esploratutakoan, espedizioa antolatu zuen herrialdeak eskubidea zuela lurralde hori konkistatu eta ustiatzeko.

  1. INPERIO KOLONIAL HANDIAK

Inperio garrantzitsuenak Britainiar Inperioa eta Frantziako Inperioa izan ziren. Beste potentzia kolonial batzuk: Alemania, Italia, Belgika, Errusia, Portugal, Estatu Batuak, Espainia eta Japonia. Azken hauen inperioak txikiagoak izan ziren, berandu hasi zirelako hedapen inperialistan (adibidez, Italia eta …ALEMANIA…… berandu sartu ziren hedapen inperialistan ez baitziren estatu bilakatu 1871 arte, urte hartan gutxi-gorabehera amaitu baitziren ziren Italiako eta Alemaniar batasun-prozesuak).

Hedapen kolonialak tirabirak eta gatazkak sortu zituen potentzien artean. Konpontzen saiatzeko, Berlingo Konferentzia (1884-1885) eratu zen, eta potentzia nagusiek ia Afrikako kontinente osoa banatu zuten. Afrikan, Abisiniak (Etiopiak) eta ……LIBERIAK……………bakarrik jarraitu zuten independiente izaten.



INPERIOAK

AFRIKA

ASIA

AMERIKA

OZEANIA

Britainia Handia

Egipto, Sudan, Uganda, Kenia, Nigeria, Rhodesia, Hegoafrikar Batasuna, Sierra Leona, Zanzibar…

India, Nepal, Birmania (Myanmar), Hong Kong, Singapur, Malaysia…

Kanada, Belize, Jamaika, Bahamak, Trinidad…

Australia, Zeelanda Berria…

Frantzia

Maroko frantsesa, Mendebaldeko Afrika (Mauritania, Mali, Niger, Senegal…), Madagaskar, Aljeria, Tunisia…

Indotxina (Vietnam, Laos eta Kanbodia)…

Guyana frantsesa, Martinika…

Kaledonia Berria…

Italia

Libia, Somalia italiarra eta Eritrea.










Alemania

Ekialdeko Afrika, Kamerun, Togo eta Hego-mendebaldeko Afrika.







Karolinak, Marshall Uharteak, Ginea Berriko zenbait gune…

Belgika

Kongo belgiarra.










Errusia







Kaukaso, Erdialde Asia (Turkestan), Mantxuria…




Estatu Batuak




Hawai, Filipinak…

Kalifornia, Mexiko Berria, Puerto Rico, Alaska, Panamako ubidea…




Japonia




Korea, Formosa, Mantxuria…







Portugal

Ginea portugesa, Angola, Mozambike, Madeira, Cabo Verde…

EkialdekoTimor, Macao, Goa…







Espainia

Maroko espainiarra, Ifni, Río de Oro (Sahara), Río Muni (Ekuatore Ginea)…












  1. KOLONIEN ADMINISTRAZIOA ETA HORREN ONDORIOAK



  • Menderatzeko moduak (kolonien administrazio motak). Europako estatuek kolonizatutako lurraldeetan nagusitzeko hiru modu nagusi finkatu zituzten: koloniak (kontrol politikoa eta lurralde anexioa), protekturatuak (herrialde baten aberastasunaren eta kanpo politikaren kontrola) eta kontzesioak (herrialde independiente batean merkataritza abantailak izatea).

  • Ustiapen ekonomikoa eta horren ondorioak:

    • Metropoliek beren mesederako ustiatu (esplotatu) zituzten kolonietako baliabide naturalak (nekazaritzako baliabideak eta baliabide mineralak), horregatik plantazio-nekazaritzan eta zorupeko mineral aberatsen (urrea, diamanteak, ikatza…) ustiaketan oinarritutako ekonomia ezarri zuten. Metropolietako konpainia pribatuek tokiko biztanleei lurrak kendu zizkieten, eta kautxu, …KAFE………………. eta te-plantazio handiak sortu zituzten, besteak beste.

    • Gainera, ez zuten kolonietako industria garatzeko interesik (ez eta, oro har, kolonietako ekonomia garatzerik ere), eta kolonietako artisauek ezin izan zioten eutsi Europako produktu industrialen konpetentziari, eta beraz, pobretu egin ziren (gogoratu Europako potentziak baliabide naturalak ustiatzera, oinarrizko garraio-azpiegiturak eraikitzera eta manufakturak saltzera mugatu zirela). Horren emaitza indigenak plantazioetako, meatzeetako eta kolonoen etxeetako eskulan merke bilakatzea izan zen, …ESKLABOEN…pareko baldintzak jasanez. Gaur egungo kolonia ohi askoren garapen urria honekin erlazionaturik dago.

  • Ondorioak politikan, gizartean eta kulturan:

    • Kolonizazioan, inperioen edo kolonien arteko mugak tokian tokiko biztanleen tribu, hizkuntza eta erlijio desberdintasunak kontuan izan gabe markatu ziren. Horrek gatazka handiak sorraraziko ditu deskolonizazioaren ostean.

    • Gizarte tradizionalaren haustura. Kolonietako gizartean desberdintasun handiak izango dira eta kolonizatzaileak gizarte kolonialeko maila gorenetan egongo dira. Ekonomia kontrolatuko dute eta goi karguak izango dituzte. Kolonoek uste zuten bertakoek, hau da, indigenak, kolonoak baino gutxiago zirela, eta baztertu egin zituzten: kolonoengandik bereizitako auzuneetan bizitzera behartu zituzten, zenbait lekutara sartzea debekatu zieten…

    • Mendebaldeko bizimoduak kolonietan zabaltzearen eraginez, tokian-tokiko kulturen krisia ere gertatu zen (akulturizazioa).

    • Metropoliek administrazio modernoaren eta antolaketa politikorako eredu berri baten oinarriak ere finkatu zituzten kolonietan.

    • Kolonietako biztanleen osasun-baldintzak ere hobetu ziren eta ondorioz, biztanleria asko hazi zen.

  1. LEHEN MUNDU GERRAREN JATORRIA



  • Bismarck-en aliantzak (1870-1890). Bismarcken kanpo-politikak bi helburu nagusi izan zituen: lehena, Frantzia isolatzea, 1871n Alsazia eta Lorrena galtzeak frantsesen errebantxismoa elikatu baitzuen, eta horrek etsai potentzial bihurtzen baitzuen; eta bigarrena, Balkanetako oreka mantentzea, Bismarckek bai baitzekien Austriak eta Errusiak kontrako interesak zituztela Balkanetan (“Ekialdeko Auzian”), eta tentsio horiek Europa mailako gatazka bat sor zezaketela.



  • Bake Armatua (1890-1914). Bake Armatua nazioarteko harremanetarako aro berri bat izan zen, 1890-1914 aldian indarrean egon zena eta honako bi ezaugarri hauek izan zituena:



    • Europako potentziak bi bloke militarretan bildu ziren: Alemaniak, Austriak eta Italiak 1882an sortutako Aliantza Hirukoitza berriztu zuten. Beste alde batetik, Gilen II.aren kanpo-politika oldarkorraren eraginez, Frantziak, Errusiak eta Erresuma Batuak ……ENTENTE HIRUKOITZA……. (1907) eratu zuten.

    • Elkarrekiko beldurrak armamentuen norgehiagoka ekarri zuen. Herrialde gehienetan armadak handitu zituzten eta arma berriak egin ziren (koraza-ontziak, urpekariak, kanoi handiak…).



  • Lehen Mundu Gerraren kausak:



    • Lehenik, interes kolonial desberdinak. Afrikako kontinenteko hedapen inperialistak eragindako gatazkek Europako potentzien arteko tentsioak handitu zituen eta kolonietako auziak etengabeko arazo-iturri izan ziren. Potentzia tradizionalek (Erresuma eta Frantzia) ez zieten jaramonik egin estatu berriei (Alemaniari eta Italiari), eta bigarren maila batean utzi zituzten hedapen inperialistan. Haiek, ordea, beren inperio kolonial zabalak osatu nahi zituzten.

    • Bigarrenik, Balkanekiko desirak.

    • Eta azkenik, Europako potentzien artean zeuden bi bloke militarrak.

    • Gerra gertaera zehatz batek piztu zuen: Austriako-Hungariako Inperioko oinordekoaren (Frantzisko Fernando artxidukearen) eta haren emazteak hilketak, 1914ko ekainaren 28an …SARAJEVORA…. (Bosnia) eginiko bidaia batean.



  1. GERRAREN GARAPENA

Bandoak. Alde batetik, Inperio zentralak (Alemaniako Inperioa, Austria-Hungariako Inperioa), eta Otomandar inperioa zeuden. Hauek, Bulgariaren babesa jaso zuten. Beste aldetik, Aliatuak zeuden (Frantzia, Britainia Handia eta Errusiar Inperioa). Hauek, Italiaren (laster Aliantza Hirukoitza utzi zuen), Portugalen, Greziaren, Errumaniaren eta Japoniaren babesa jaso zuten. Eta azkenik, herrialde neutralak: Norvegia, Suedia, Danimarka, Herbehereak, Suitza, Espainia…

Fronte nagusiak. Frantziako ipar-ekialdean eta Errusiarekiko mugan egon ziren; eta hegoaldean ere bai, Grezian. Gudurik nabarmenenak, berriz, Mendebaldeko frontean: Marneko Gudua (1914), ……VERDUNGO………. Gudua (1916) eta Sommeko Gudua (1916) izan ziren; Ekialdeko frontean: Tannenbergeko Gudua (1914); eta Hegoaldeko frontean: Galipoliko Gudua (1915-1916).

Gerraren aldi bakoitzaren ezaugarriak:



  • Lehen aldia “mugimenduen gerra” (1914) edo “tximista-gerra” zeritzona izan zen, Alemaniaren plana Frantziari ahalik eta azkarren irabaztea zelako, Belgika zeharkatu eta ezusteko eraso bat eginda. Ez zuten lortu, Marneko Guduan geldiarazi baitzituzten.

  • Bigarren aldia “posizioen gerra” izenez ezagutzen da (1914-1917), eta lortutako posizioak lubakien eta metrailadoreen bidez defendatzen ibili ziren alde bateko eta besteko armadak, fronteak egonkortu egin baitziren. Posizioen gerrarekiko paraleloan, itsas gatazka ere egon zen: alemaniarrek urpekariak erabili zituzten britainiarren ekonomia itotzeko.

  • Hirugarren aldian (1917), bi gertaera funtsezko egon ziren: Errusia erretiratu egin zen, iraultza boltxebikea piztean; eta Estatu Batuak gerran sartu ziren Aliatuen alde, eta horrek bando horren aldera lerratu zuen gerra.

  • Laugarren aldian, 1918ko aliatuen erasoa eta gerraren amaiera gertatu ziren. Inperio zentralek Errusiarekin Brest-Litovskeko ituna sinatu arren, ezin izan zioten Aliatuen erasoari eutsi eta amore eman zuten: lehenengo Turkiak, gero Austriak, eta azkenik Alemaniak, Gilen II.a kaiserrak abdikatu ostean (Aliatuek eta Alemaniak armistizioa sinatu zuten, 1918-11-11).

Lehen Mundu Gerra gerra totala izan zen, hau da, lehiakideek baliabide guztiak erabili zituzten irabazten saiatzeko. Gainera, borrokarako modu berriak (aireko bonbardaketak, blindatuak-tankeak, itsaspekoak, arma kimikoak) hondamendi handia sortu zuten eta gainera, biztanleria zibila lehen lerroan jarri zuten. Hori dela eta, gerra ez zen fronteetan soilik bizi izan, atzeraguardian ere izan zen gerra.

Gerraren zeharkako ondorioetako bat emakumeak etxetik kanpo lan egiten hastea izan zen, milioika gizonezkoren mobilizazioaren eraginez: polizia bezala, tranbiako eta autobuseko gidari bezala, mekanikari, arma-fabriketan… Emakumeek gerran izandako parte-hartzea funtsezkoa izan zen, eta horrek argi utzi zuen edozein lanetarako gai zirela. Hori dela eta, gatazka amaitu zenean herrialde ugarik ………..ESKUBIDE POLITIKOAK…………….. eman zizkien emakumeei.



Gerran bestalde, propaganda (kartelak, irratia…) garrantzitsua izan zen, gobernuek gizonezkoak armadan izena emateko erabili zutelako, bai eta tropei eta biztanle zibilei motibazioa pizteko.

  1. LEHEN MUNDU GERRAREN ONDORIOAK

Lehen Mundu Gerraren ondorioak hauek izan ziren, demografiari, ekonomiari eta lurraldeei dagokienez:

  • Galera demografikoak. Lehen Mundu Gerrak 8 milioi hildakotik eta 21 milioi zauriturik gora eragin zituen. Ondorio latzenak izan zituen herrialdea Alemania izan zen.



  • Galera ekonomikoak. Galera materialak ez ziren giza galeren besteko garrantzitsuak izan, batez ere, fronteak oso egonkorrak izan zirelako eta materialen suntsiketa oso leku jakinetan gertatu zelako. Frantziako ipar-ekialdean, Belgikan eta Italiako iparraldean bakarrik egon zen suntsiketa handia, eta nekazaritza-lurrak, meatzeak eta biztanleguneak kaltetu ziren. Gerrak sortutako gastuak ordaintzeko (zorpetze handia), bestalde, herrialde askok maileguak eskatu zituzten atzerrrian, batez ere Estatu Batuetan, eta horren ondorioz, gerra amaitu zenean Europako herrialdeen zorpetzea oso altua zen.



  • Lurralde-aldaketak (Parisko Bakea, 1919-1920, izenez ezagutzen den itun multzoan erabaki ziren lurralde-aldaketa hauek). Alemaniako Inperioa (II. Reich-a), Austria-Hungariako Inperioa eta Otomandar Inperioa desagertu egin ziren eta lurralde ugari galdu zituzten herrialde horiek:



    • Alemaniak Alsazia eta Lorrena Frantziari itzuli zizkion, eta Poznan eta Prusiaren zati bat Poloniari. Horiez gain, …SARRE…….. Nazioen Elkartearen administraziopean gelditu zen. Gainera, bere koloniak galdu zituen: Erresuma Batuak Kamerun eta Tanganika eskuratu zituen; eta Japoniak Karolina, Mariana eta Marshall uharteak.

    • Austria-Hungariako Inperioa lau herrialdetan banatu zen: Austria, Hungaria, Txekoslovakia eta Jugoslavia.

    • Otomandar Inperioak Siria eta Libano Frantziari eman zizkion; eta Transjordania, Irak eta Palestina Erresuma Batuari; eta beste zenbait lurralde Italiari eta Greziari. Iraultza baten ostean, Otomandar Inperioa Turkiako Errepublika bilakatu zen.

    • Finlandiak, Estoniak, Letoniak eta ……LITUANIAK…….independentzia lortu zuten eta Errusiar Inperiotik atera ziren.

    • Polonia berriro ere herrialde independiente bilakatu zen, Errusiako, Austriako eta Alemaniako lurralde batzuk eskuratuta. Gainera, itsasoraino iritsi zen Danzig korridorearen bidez; Danzing Nazioen Elkarteak administratutako hiri libre bihurtu zen.

    • Errumaniak Transilvania lortu zuen Austria-Hungariako Inperiotik.



Nazioen Elkartea nazioarteko elkarte bat izan zen (1919-1920ean sortua), Estatu Batuetako Wilson presidenteak proposatutako Hamalau Auzietan oinarritzen zena, bidezko bakea ezartzeko. Elkartearen helburua bakeari eustea eta herrialdeen arteko gatazkak negoziazio bidez konpontzea zen gerrak ekiditeko. Dena den, Alemaniak, Errusiak eta Estatu Batuak ez zuten parte hartu, eta horrek, beste arazo batzuekin batera, Nazioen Elkartearen eraginkortasuna mugatu egin zuen. Dena dela, Nazioen Elkartearen sorrerak II. Mundu Gerraren ondoren sortutako Nazio Batuen Erakundearen oinarriak finkatu zituen (1945ean sortua).


Gerraren beste ondorio batzuk. Alemania eta haren aliatuak gerraren erantzule bakartzat jo ziren. Hori dela eta, …..VERSAILLESKO…….Itunean (1919) Alemania gerra-ordain ikaragarriak ordaintzera kondenatua izan zen. Gainera, armadako kideak gutxitu behar izan zituen eta Renaniaren (Frantziarekin mugan dagoen eskualdearen) desmilitarizazioa onartu behar izan zuen. Alemaniak ituna sinatu bazuen ere, ez zuen inoiz onartu. “Diktat” bat zela zioen, inposizio bat, alegia. Baldintza gogor haiek alemaniarren mendeku-nahia indartu zuten. Denborarekin ikusi zen Alemaniari ezarritako ordainak gehiegizkoak zirela, eta horrek, epe luzera, …..BIGARREN MUNDU GERRA……….piztean eragina izan zuela.

https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/d/da/treaty_of_versailles_reparations_--_let%27s_see_you_collect.png/220px-treaty_of_versailles_reparations_--_let%27s_see_you_collect.png



  1. ERRUSIAR IRAULTZAREN JATORRIA

XX. mendearen hasieran Errusiak Antzinako Erregimenean finkatuta jarraitzen zuen. Monarkia absolutua zuen, eta tsarrak, 1894tik aurrera…NIKOLAS II.ak…, estatuko botere nagusia zuen, eta mugarik gabe erabiltzen zuen. Gobernatzeko, noblezian, eliza ortodoxoan, armadan eta burokrazian bilatzen zuen babesa. Horrez gain, ez zegoen askatasun politikorik eta pertsonek ez zuten eskubiderik, eta polizia politikoak oposiziokoak zirenak gogortasun handiz jazartzen zituen. “Duma” zeritzon parlamentu bat zegoen arren, zituen botereak oso mugatuak ziren, tsarrak nahi zuenean deitu nahiz desegin baitzezakeen. Bestalde, biztanleen % 80 nekazaria zen eta miserian bizi zen.

1905ean tsarrak Japoniaren aurkako gerrara eraman zuen herrialdea, eta garaitua izan zen; horrek sortutako nahigabeak, eta garai hartan bizi zen ekonomia-krisiaren ondorioz istiluak sortu ziren. 1905eko Iraultza urtarrilaren 9an hasi zen, herritarrek manifestazio bat egin zutenean San Peterburgoko Neguko Jauregira (tsarrak herrialdeko hiriburuan zuen etxera), haien eskaerak jakinaraztera. Manifestariek ez zuten tsarismoa desagertzeko asmorik: alde batetik, beraien bizi eta lan-baldintza gogorrak hobetu nahi zituzten; eta bestetik, erreforma politikoaren hasiera bultzatu. Baina manifestazioa bortizki jazarria izan zen, eta hildako eta zauritu ugari izan ziren (…IGANDE ODOLTSU”….izenez egin zen ezaguna). Protestak eta greba boladak hainbat hilabete iraun zituen, eta nekazariak eta langileak sobietetan (kontseilu edo herri-biltzarrak) bildu ziren, eta horrela, etorkizunean garrantzi handikoa izango zen antolatzeko eredua sortu zen. Azkenean, tsarrak kontzesio batzuk egin behar izan zituen (1905eko “Manifestu Inperiala”), eta horietan nabarmenena “Duma” gizonezkoen sufragio unibertsalez aukeratzea izan zen. Errusia monarkia parlamentario (monarkia liberal) bilakatuko zela zirudien, baina tsarrak laster hautsi zituen hartutako konpromisoak, eta bere erara gobernatzen jarraitu zuen.



nicholas ii by boissonnas & eggler c1909.jpg

  1. 1917KO IRAULTZAK ETA GERRA ZIBILA ERRUSIAN

1914an, Errusia Lehen Mundu Gerran sartu zen. Frontean izandako porrotek eta atzeraguardiako hornidura-faltak ezinegona sortu zuten, eta grebak eta manifestazioak egin ziren; gogor jazarriak izan ziren, eta horrek tsarraren oposiziokoak gehiago elkartzea ekarri zuen. 1917ko Otsaileko Iraultza otsailaren 23ko manifestazioaren ostean hasi zen San Petersburgon (martxoaren 8a mendebaldeko egutegian; Errusiar egutegiak hamairu eguneko atzerapena zuen mendebaldeko Europan erabiltzen zenarekin alderatuz). Iraultzaren lema “bakea eta ogia” zen. 25ean, greba orokorra piztu zen. 26an matxinadak egin ziren kuarteletan, eta tropek uko egin zioten grebalariei tiro egiteari. Otsailaren 27an, behin-behineko gobernua sortu zen, eta …………..KERENSKY………..sozialista moderatua zuen buru. Gobernuak sistema politiko liberala ezartzeko asmoa zuen, eta tsarrak abdikatu egin zuen. Baina behin-behineko gobernuak porrot egin zuen, alde batetik, Errusiak gerran jarraitu zuelako; eta bestetik, sobieten protagonismoak gora egin zuelako (sobietak boltxebikeen kontrolpean zeuden). Orduan…….LENIN……, boltxebikeen edo iraultzaile erradikalen liderra, erbestetik itzuli zen, eta “Apirileko Tesietan” honako hau planteatu zuen: Errusiak berehala bakea sinatu eta gerra uztea, lurrak birbanatzea, fabrikak langile-batzordeak kontrolatzea, nazionalitateen autonomia lortzea eta boterea sobieten eskuetara pasatzea.

Gerrako porrotek eta biztanleriaren nahigabeak, 1917ko Urriko Iraultza ekarri zuten. Hain zuzen, 1917ko urriaren 24ko gauean, Lenin San Petersburgoko sobieten egoitzan finkatu zen, eta 25ean, sobietek, boltxebikeen kontrolpean, hiriburuko puntu estrategikoak hartu zituzten, Neguko Jauregiari eraso zioten eta behin-behineko gobernuko kideak atxilotu zituzten. Iraultza boltxebikea garaile atera zen.

Baina berehala iraultzaren aurkakoen eta aldekoen arteko Gerra Zibila (1918-1921) hasi zen. Tsarismoaren aldekoek (lur-jabeak, armadako goi-karguak, eliza ortodoxoa…) eta sistema liberala defendatzen zutenek Iraultzarekin amaitzea nahi zuten, eta horretarako Armada Zuria eratu zuten. Eta boltxebikeek, berriz, Armada Gorria. Armada Zuriak atzerriko hainbat potentzien laguntza izan zuen, iraultza haien herrialdeetara zabalduko zelako beldurra baitzuten, baina azkenean gerra boltxebikeen garaipenarekin eta kontrairaultzaileen porrotaren amaitu zen. Gerra Zibilaren garaian gobernu boltxebikeak gerrako komunismoa deritzon politika ekonomikoa ezarri zuen, frontea eta hiriak hornitu ahal izateko. Horren bidez, industria nazionalizatu zen, eta lurrak kolektibizatu eta uztak konfiskatu zitzaizkien nekazariei. Aldi hartan, gainera, estatu berriaren oinarriak finkatu ziren: erabaki guztiak boltxebikeen esku gelditu ziren eta horiek Alderdi Komunista izena hartu zuten. Gainerako alderdiak debekatu egin ziren eta diktadura komunista ezarri zen. Neurri ekonomiko eta politiko hauek grebak eta matxinadak eragin zituzten, eta gobernuak indarkeriaz jazarri zituen.

Errusiako Iraultzak Frantziako Iraultzaren garrantzi historiko konparagarria izan zuen, mundu osora zabaldu zelako eta beste herrialde batzuetan antzeko iraultzak sortu zirelako, eta denborarekin sistema politiko eta ekonomiko berri bat sortzea ekarri zuelako.




Yüklə 167,99 Kb.

Dostları ilə paylaş:




Verilənlər bazası müəlliflik hüququ ilə müdafiə olunur ©www.genderi.org 2024
rəhbərliyinə müraciət

    Ana səhifə